“Iruñeko Aurpegiak”

Antonio Maria Goñi Oloriz Burlatan (Nafarroa) jaio zen 1950ean. 

Iruñeko Ximenez de Rada institutuan batxilergoa ikasi ondoren, Bartzelonako Unibertsitate Zentralean Filosofia eta Letretan (Espainiar Filologia) lizentziatu zen.

70. hamarkada amaieran, euskal kantautoretza ardatz izan zuen Kardantxa diskoetxea zuzendu zuen.

Silesiako Unibertsitatean (Katowice-Polonia) gaztelerako irakurle aritu zen 1982ko Otsailetik 1985eko Ekaina bitarte.

Nafarroara itzulirik, Soñua, Oihuka eta Gor diskoetxeetan lan egin zuen hurrenez hurren. 2015az geroztik jubilaturik dago.

Gaztarotik aritu izan da argazkilaritzaren munduan, kale zein plaza anitz erretratatzeko, haietako biztanleei garrantzi handia eman izan dielarik. Pertsonaia hauek direla medio, gizatasunez beterik dauden hiri paisaiak dira, beraz, nagusi.

Honako erakusketa honetan, kameraren objektiboa pertsonek betetzen dute, ingurua gutxietsi gabe. Mota anitzetako protagonistak jaso ditu bilduma honek, zeinetan Iruñeko Alde Zaharreko kaleetan zehar egunerokoa den jendea gailentzen baita.

Erretratatzen dituen kale hauetako baten biztanle izanik, Antoniok kamerari kliska egin dio instantea, keinuaren baretasuna eta humore ona islatzeko. Horrez gain, irudiek protagonisten gogobetetasunaren berri ematen dute, garai eta toki errepikaezin baten lekuko izanagatik.

Marino Goñi

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude